XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Begira, zehatz-mehatz kontatzea merezi duela uste dut.

Aurreko gutunean esan nizun telefonoa eta faxa ipini nituela estudioan; nire lanbidean ezinbestekoak dira, zurean baino areago oraindik.

Walter, nire agentearekin, eta galeria desberdinekin ia etengabeko harremanetan egon behar dut.

Baina oraindik ez diot ia inori numeroa azaldu, Walter eta Laurari bakarrik, ene ustez.

Gauza bat aitortuko dizut: kanpoan zabiltzala eta nire numeroa ezin jakin dezakezula seguru ez banengo, misterio honen atzetik zeu zaudela pentsatuko nuke.

Zeren, bizitzen jarri eta egun gutxitara, telefono-dei bitxiak jasotzen hasi bainintzen.

Egunez, inolako kadentzia jakinik gabe, lanean niharduela, telefonoak jotzen zuen.

Hartu eta hauxe besterik ez nuen entzuten: esaldi ulertezinak, murmurioak, negar isilak, zarata arraroak... Revolution Nine entzuten arituko banintz bezala, Beatles-en album zurian zetorren eta gaztetan hainbeste liluratzen gintuen esperimentu kurioso hura.

Ez nekien non egon zitekeen broma gogaikarri haren iturria, eta egun batzuen buruan aspertu eta telefonoa ez hartzea erabaki nuen (batetik, beti lanean ari nintzela jotzen zuelako, baina bestetik bromagile petral hari ez jarraitzeagatik ere bai)